jueves, 22 de agosto de 2013

BIZIKIDETZAZ ETA BAKEGINTZAZ 
BIDETIK  ikuspegia
1.-
Atentatu eta erahilketak betiko uzten zituela zioen ETAren adierazpenak poztu egin gintuen. Poztu egin gintuen, bizikidetza bakezkoaren alde gaudelako, eta gure herriko gizarte ehuna berregiten ahalegintzeko prest gaudelako, eta horretarako bidean ezinbesteko pausoa zelako adierazpen hura. Eta poztu egin gintuen, Joxemari ere poztu egingo zelako, holakorik bizitzeko aukerarik utzi izan baliote.
2.-
Baina pozarekin batera mina ere sentitu genuen. Oso mingarri gertatu zitzaigun ETAK berak eragindako biktimekiko inolako errespetu eta begirunerik agertzen ez zuen adierazpena zelako, Joxemari eta bera bezala erahil zituzten beste guztiei lapurtu zieten bizitza eta hauen ingurukoei sortarazitako mina aipatu ere egiten ez zuelako. Egiazko memoria lantzeko hori ez da inola ere bidea.
3.-
Gure ustez bizikidetza bakezkoaren lanari zintzo heltzea beharrezko ez ezik posible ere bada gaur gure herrian. Eginkizun zail horretan gizarte zibil osoak hartu behar du parte, eta, nola ez, biktimek eta baita hauen ingurukoek ere. BIDETIK Fundazioa osatzen dugunok Joxemarik bere egin eta bultzatu zituen balioak lantzen eta zabaltzen jarraituz kolaboratuko dugu eginkizun horretan.
4.-
Urte luzetan indarkeriara eta horrek dakarren degradazio moralera gehiegi ohitu den gure herriak azkar eta garbi barneratu behar du gure gizartean ez daitekeela politikoki justifika daitekeen indarkeriarik onartu, eta, beraz, egun, politikoki justifika nahi izan den indarkeriaren aurrean posturarik ez hartzea eta isilik gelditzea injustiziaren konplize gertatzen dela ezinbestez.
5.-
Bizikidetza lortzeko bidean ez ditugu gogoko genituzkeen maximo etikoak –damua, barkazio eskea...- exijituko, baina inoiz eta inola ere ez dugu onartuko gure Joxemariren eta beste biktimen hilketak, zuzenki ala zeharka, gertakizun triste baina ezinbesteko bezala agertu nahi duen ikuspegi edo adierazpenik. Guk gure herriarentzat kaltegarriak izan zirela uste izateaz gain, publikoki injustiziazko erahilketak izan zirela aitortzea exijituko dugu beti.
6.-
Aitorpen hau biktimekiko errespetuaren hasierako eta oinarrizko baldintza da, hauek egia, justizia eta erreparazioa lortzeko duten eskubideaz gizarteak izan behar duen jarrerarako abiapuntua. Honen ondoren eta ondorioz datozke egindako kaltearen aitortza, ahal den mailako erreparazioa, eta, noski, bide horri uko egitearen hitza. Biktimek, horretaz gain, beren mina eta are haserrea ere agertzeko eta beraien narrazioa garbi adierazteko eskubide guztia dute eta arretaz entzun behar zaie. BIDETIK Fundazioan garbi dugu gure egitekoa esparru prepolitikora –hots, guztiz preparditista izango den esparrura- zuzenduko dela, unibertsalki onargarria izan behar duen mezua luzatzera, alegia; helburu politiko partidistak baino lehenagokoa den giza duintasunaren eta giza eskubideen mezulari izatera. 

7.-
Bakegintzan ahalegintzeko egiazko nahia da lehenik beharrezko. Nahi honi, orain, zintzotasuna eta zuhurtzia erantsi behar zaizkio: zintzotasuna, gertatutakoa ondo aztertu eta ezagutzeko eta garbi adierazteko, eta zuhurtzia, nahi duguna lortzeko bidea egiteko, zeren “ez baitago bakerako biderik, bidea bera da bakea”. Gorrotoa eta mendekuari uko eginez, eguneroko jokabideetan bakea zailtzen ordez bakea egiten saiatu behar da.

8.-
Bakezko bizikidetza eraikitzeko bide bakarra elkarrizketa da. Nahi berdina duten guztiekin hitz egin behar da, nahiz mingarri gertatu inoiz. Elkarrizketaren bideak, berriz, beldurraren isiltasuna gainditzea exijitzen du eta errespetuaren isiltasuna berreskuratzea, azken hau gabe ez baitago biktimekiko egiazko begirunerik. Horretaz gainera, hitzak zintzo eta zehatz erabiltzea da beharrezko, eta, ahal den neurrian, beti ere, elkar gaitzaketenak hobetsiz. Kalte egiteko eta bizikidetza zailtzeko bakarrik direnak baztertu egin behar dira.

9.-
Gure ustez lehen pausoak ondo eta ahalik eta azkarren ematea oso garrantzizkoa da. Ahalegin horretan harrokeriak ez du inolako lekurik; “Guk ekarri dugu bakea..., gu gara irabazle bakarrak” eta horrelakoak, sobran daude guztiz. Oso garbi jakin behar dute hori alderdi politikoek bereziki, egungo egoerak eta eginbeharrak ez dietela horretarako inolako motiborik eskaintzen; batzuei, are eta gutxiago. Eta prest egon behar dutela, noski, interes partidistetatik kanpo dauden ikuspegiekin jokatzeko.

10.-
Bizikidetza ahalbidetzen duten balio etikoak heziketan landu behar dira bereziki: etxean, auzoan, eskolan, unibertsitatean, komunikabideetan, herri eta hirietan... Horren premia oso berezia dugu gure herrian, indarkeriari buruz oso zabaldua egon den ikuspegi antzu eta hutsala errazegi luzatu baita belaunaldi berriengana. Sentimenduak hezitzen lagundu egin behar zaie hauei, aniztasun zuzen eta jatorrerako prestatu egin behar dira, balio etikoen eta giza eskubideen pedagogia zintzoa landuz tolerantzia egiazkoaren berri jaso behar dute, eta, horretarako, indarkeria edozein egoeratan ere arrazoiz arbuiatzen ikasi egin behar dute eta, noski, edonolako gatazkak indarkeriara jo gabe gainditzen. Horixe zen Joxemariren nahia eta bidea, eta gure fundazioak BIDETIK hitza nahi nagusi horretan ahalegintzeko gogoari zor dio.

BUKATZEKO
Bakegintza eta bizikidetzaren garapenean zintzo eta gogotsu saiatuko da gure Fundazioa, inoiz sentimendu minduekin jokatu beharrean aurkituko bagara ere, eta, hau garbi, orain arte bezalaxe, Fundazioko denok elkarturik jokatuko dugu beti. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario